Friday, April 18, 2008

Iriarte Azpikoa baserria (Antzuola) planopean eginiko lehen baserria

Iriarte Azpikoa baserria Joseph de Oxirondo eta Juan de Ibargoitia maisuek 1672 urtean eraiki zuten, Juan Bautista de Benitua jabearekin aldez aurretik erabaki zuten plano eta baldintzei jarraiki.

XVI mendean nahikoa zen jabearen eta etxegile artisauaren arteko ahozko akordioa, etxea egiten hasteko eta jasotako enkarguaren arabera egokitzeko. Askotan, interesdun gisa jabeak hurbiletik harraitzen zituen lanak, eta berak erabakitzen zuen zein material erosi eta langileei zein soldata eman.

Nekazaria ez zen sartzen alderdi teknikoetan, -hori ofizioa ikasitako maisuari zegokion- baina berari lagun ziezaiokeen oinarrizko erabakiak hartzen, baserriko fatxadaren norabiderik egokiena aukeratzen adibidez, eguzkia goizean ateratzen zen aldean bilatzen zena ia beti.

XVI mendearen erdian baserri on bat egitea, lanerako hamabi idi erostea bezain garestia zen. Aurrekontuaren herena obra hasi baino lehen ordaintzen zen, beste herena teilatua jartzean, baina azkenekoa etxea amaitzerakoan ordaindu beharra zegoen arren, atzeratu egiten zen beti eta ondorengo urteetan ordaintzan zen, ale kopuru gutxi batzuekin, eskurdiruz, baserriko animaliren batekin edo zenbait gurdikada egurrekin.

XVII mendearen erdialdetik aurrera baserriak egiteko kontratuak idatziz egin ziren herriko idazkariaren aurrean eta sarritan maisu etxegileak plano edo egitamu bat marrazten zuen eta etxea egiten zuten hargin eta zurginek errespetatu beharra zeukaten baldintza teknikoen orria idazten zuen. Oso etxe ederrak egiten jarraitu zen, gero eta eredu eta kategoria desberdinagokoak: harlanezko arku eta harmarriak zituzten etxondo apainak, momentu hartako berrikuntza artistiko guztiekin; adreiluzko hormazurra zuten baserri apainak; bi bizitzako etxetzar sendoak maizter gehienentzat eta egurrezko eta eskuormazko txabolak zorte txikieta zutenentzat, irabazi erdiagatik nagusiaren ganadu batzuk zaintzen zituztenak. Maisuek irtenbide desberdinak eskaintzen zituzten eskari motaren arabera, baina ia beti nahiko estilo antzekoa erabili zuten, Gipuzkoako baserriak bizi zuen batasun ekologiko eta kulturalak zehaztua.


Testuak Gipuzkoa Foru Aldundiak argitaratu duen "Bertan" liburutik.

No comments: